XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zornotza magalean, erri osoa begipean daukan zelai eder bat dozu, erri-plazatik eleizaraiño doian antxiñako Kalbarioa aurrez aurre dauala.

Jauregi zarra, ainbat urtetan abegi beroa emon ebana, gazte urduriak alde egitean, emen geratu zan bakarrik, ama-kumeak sapuzturiko abi antzera.

Olan egon zan urte batzuetan, ixil ta misterioz beterik.

1936'garreneko garagarrillaren 18'an sortu zan anai arteko gure bizia.

Eusko-Indarrekoak emen jarri eben euren gudaletxea, muniziño ta lerkai askoz gaiñezka.

1937'ko maiatzaren erdiruntz, emen ziran inguruko mendietan aurkako gudaroste biak, eta berton egozanak, jauregia ustutean, su emon eutsoen.

Eta or antxiñako saloi, gela, orma landu ta guzti, barru ta kanpo, dana kiskalduta.

Gerra-pistiaren ikur.

Ta, asto joan ta mando etorri.

Andik lau bat urtera, jauregi ta baratz zarrean geratzen ziran ondakinak oro, prailleak eurak eratsi ebezan, ormetako arlanduak eta baratzeko zedru ederrenetaraiñoko guztia saldurik.

Aurreko eleiza ta komentuak ez eben kalterik artu gerrate ortan, baiña Larrea'ko patroien jauregiaren amaia ortxe datza.

Len aurrez aurre, eder ta zoragarri, egozan tegi biotatik, bata betiko suntsitua da, bestea gaur be Karmen'go Amaren etxe bikain dogu.

Jauregiaren aztarrenik be ezta ozta-ozta, baratza esitzen eben 15 tarteko burdin-sare luze dotorea ta ate bi, burdiñezkoak oneik be, ta jauregiak aurrekalde erdian eukan armarria, gaur be orma-ate baten gaiñean egokitua, bere buruaz lotsaturik lez dagoana, kendu ezkeroz.

Aurreko zelaian egozan zugatz zar ikaragarriak be, gerizpe geiegi egiela-ta, orpotik ebagi ta beste batzuk platanu, leizar, ezki ta Indi-gaztaiñak neurrira ta erreskadan ipiñi ziran; baita inguruz inguru oinbide ta espaloiak atera be.